XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Botanika Botanika, landareak eta landare-organismoak aztertzen dituen biologiaren adarra da.

Ustez, ezberdintze-erizpide klasikoen arauera, goi mailako landareak eta animaliak elkarren artean bereizteak bat ere zaila ez dirudien arren, behe mailako organismoei behatzen diegunean, ezberdintasunak maiz desagertu egiten dira, askotan, gainera, bakoitzaren ezaugarriak alderantziz agertuz.

Honela, haritz batek bere zelulak zelulosazko hormen artean gorderik dauzka, lurpetik xurgatzen dituen ur eta gai mineraletatik bere elikadura prestatzen du eta beti ere erne zen lekuan finko gelditzen da, kanpotik hartzen dituen eraginei mugimenduz edo lekualdaketaz erantzun gabe.

Animalia baten gorputza oreinarena, adibidez mintz mehe eta zaludun zelulez osatua da, ezin presta dezake bere elikadura eta berori kanpotik hartu behar du (landareak jaten ditu) eta kanpotik izandako edozein eragini erantzun (zaratotsa aditzean burua mugitzen du) edo etsairen bat agertzean handik ihes egiten du lasterka.

Baina egoera oso bestelakoa da organismo xumeenak aztertzean.

Orduan behe mailako animaliak aurkitzen ditugu, tunikatuak adibidez, gorputza tunizina izeneko gaiaz estalia dutenak, eta berorren egitura kimikoa ia-ia landareen zelulosarena bera da.

Behe mailetan, halaber, organismo autotrofoen (beren elikadura prestatzen dutenak) eta heterotrofoen (elikadura kanpotik hartzen dutenak) arteko ezberdintasuna desagertu egiten da, eta hori dela eta, autore askok onddoen talde haundia, dituen ezaugarri bereziengatik, landareen eta animaliena ez bezalako erresumatzat jotzen dute.

Bakterioek eta behe mailako algek ere arazo berberak izaten dituzte.

Kanpotiko eraginei erantzuteko ahalmenari dagokionez, bestalde, asko dira substratuari loturik bizi diren behe mailako animaliak, eta honelakoek ez dituzte izaten gainerako animaliengan ikus daitezkeen erantzuera tipikoak ere.

Honetara, zaila da, aditua....

1. Botanikarako ardurak, ia beti, begiak goi mailako landareetan jarri ditu, fanerogamoetan batik-bat, berauek izaten dituzten itxura eder eta lore koloretsuekin, irudian ageri den bezala.

2. Joseph Tournefort (1656-1708) Parisko Jardin des Plantes zeritzonaren irakaslea zen, bere garaian botanikari famatua izanez.

Bera, halaber, landareak sailkatzeko sistema baten egilea izan zen.

3. Karol Linné-k, Linneo ere deituak, terminologia botanikoaren oinarriak ezarri eta landareak eta animaliak izendatzeko nomenklatura bikoitzaren sistema sartu zuen.

4. Lehenagoko denboretan, botanika-irudiak, beren arte-balioaz gainera, landareak ikertzeko eta beren erregistroa egiteko era bakarra zen, horrela belartegien hutsune larriak nolabait estaliz.